Aurtengoan lehen aldiz herriko programa ofizialean barneratu da Nerabeen eguna eta udalarekin elkarlanean antolatu genuen Nerabeen Gunea ekainak 27an San Pelaion.
Udalaren laguntzaz bertan egon ziren Quad-ak eta rokodromoa tirolinarekin 11 urtetik gorakoak ibiltzkeo. Haize-orratz udal gaztelekutik hainbat parte-hartze gune antolatu genituen ; tailer gunea, sukaldaritza gunea, jolas erraldoia eta badmington txapelketa.
Parte-hartze bakoitzarengatik gazteek tikeak jasotzen zituzten eta arratsalde amaieran udaz gozatzeko hainbat opari zozketatu genituen (Turismo bulegoak prestaturiko opariak, badmington kit-a, kometa bat, erraketak pilotarekin, snorkell egiteko betaurrekoak eta Skinboard bat), apar festa martxan zegoen bitartean.
DJ Javi-k animatu zuen arratsalde osoa denetariko musikarekin eta 250 gazte inguru gerturatu ziren festara.
Eguna borobiltzeko gaueko 22:30etatik 1:30etara musika plazan Oihan Vega egon zen eta giro ederra sortu zen nerabeen artean.
Guraso zein gazteek euren eskertza luzatu dute nerabeentzako jaia prestatu izanagatik eta horrek indarrak ematen dizkigu nerabeak herriko jaietan barneratzeko egiten ari garen lanean jarraitzeko.